“Jendearen kolaborazioa ezinbestekoa da enkantea aurrera ateratzeko”

DURANGON.COM– San Anton eguneko tradizioarekin bat eginez, garaitarrek ez diote urteroko hitzorduari huts egin. Gaur goizean ospatu den baserriko produktuen enkantean 1.130 euro batu dira, eta bildutako dirua Caritas eta Parrokiaren beharrizanetara bideratuko da. Garaitarrek dohaintzan ematen dituzten produktuen artean artzain-txakurkume bat, gaztak, porruak, tostadak eta intxaurrak izan dira besteak beste.

Hamabietako mezaren ondoren hasi da aurtengo enkantea giro ezin hobean eta garaitarrek Elizabarri elizpean batu dira, ohitura denez, eskaintza handiagoak emateko asmoarekin. “Garrantzitsuena produktuak ekartzea da. Beraz, jendearen kolaborazioa ezinbestekoa da”, azpimarratu du Lazaro Milikuak, urtero legez enkantea bideratzen arduratu den garaitarra.

Txorizo eta ogi sorta batekin hasi da enkantea, eta 35 eurotan eman da. “Mizkinak ez izan”, animatu du Milikuak. Harrezkero, produktuak errematean ematen hasi da Milikua banan-banan . Herritarren artean nork eskaintza handiagoa egin, hark eraman du produktua.

 Artzain-txakurra, 60 eurotan

Eta ustekabe handiena eragin duena, artzain-txakurkume bat izan da. Azkenean Juan Mari Totorikak eman du prezio altuena eta 60 eurotan eskuratu du txakurra.

“Momentuan jateko” gazta freskoa, oilo bat, babajana egiteko produktuak “kolesterol gabekoak, noski”, ardi eta behi esnea, porruak, kiwi otzara bat, intxaurrak, ardoa edo arrautzak  eman  dira errematean, besteak beste.

Baina, eskaintza altuena izan duen produzktua gazta eta txorizo sorta bat izan da, eta  118 eurotan eman da. “Aurrezki-libreta ekarri beharko da hau ordaintzeko”, esan dute antolatzaileek.

 

Enkantean emandako produktu batzuk:

– Gazta eta txorizoak: 118 euro.
– Artzain-txakurra: 60 euro.
– Babajana prestatzeko otzara bat: 50 euro.
– Tostadak eta intxaurrak: 40 euro.
– Bizkotxoa: 40 euro.
– Oiloa: 40 euro.
– Txorizo eta ogi sorta: 35 euro.
– Gazta freskoa: 30 euro.
– Perretxiko otzara bat: 30 euro.
– Kiwi otzara bat: 15 euro.
– Arrautza dozena bat: 12 euro.
– Ardi esnea: 13 euro.
– Porruak: 10 euro.

Escriba su comentario